Euskararen hedapenari buruzko 19. mendeko hiru mapa aurki itzazu.
Bonaparte
Louis-Lucien Bonaparte (1813-1891) Napoleonen ilobak, Europako zenbait hizkuntza ikertu eta bakoitzetik lagin aberatsak utzi dizkigu. Halere, agerikoa da euskara bereziki ikertzeko izan zuen joera. Euskara ongi ikasirik, "euskaldun berri" izendapena aitortu zitzaion. Euskal Herrira zenbait ikerketa bidaia eginik, hainbat testu itzuliko zizkioten tokiko gutunkide sarea osatu zuen.
Bere mapa euskararen zatiketa dialektalaren ikuspegia izateko funtsezko ekarpena da. Bonapartek bere gutunkideei eskatzen zizkien informazioen arabera egokitu eta bertsio bat baino gehiago izan zituen. Goiburuak maparen errealitatea adierazten du: «Carte des sept provinces basques montrant la délimitation actuelle de l’euscara et sa division en dialectes, sous-dialectes et variétés» (Zazpi euskal probintzien mapa, gaur egungo euskararen, haren euskalki, azpi-euskalki eta aldaeren mugak erakusten dituena).
Mapa formatu handikoa da eta ezin da eraman: eskala miliatan du. Londresen diseinatu zen 1863an, baina berantago argitaratu zen. Atzeko planoan Euskal Herri osoa hartzen du, gaur egungo mugaren bi aldeetara, baita euskaldunak ez diren eremuak ere. Bere mapan, Bonapartek hizkuntzaren muga linguistikoak erakusteaz gain, aniztasun handia ematen dioten hizkuntz objektu andana ustiatzen du. Adibidez, nor-nori-nork formako aditz laguntzaileak, Zuberoatik Bizkaiaraino eskualdez eskualde, modu neutroan erraten direnak: deiot, dakot, diot, diyot, deutsat. Tokiko halako aldaerak metaturik eta mapa egin aitzin beren lekuan kokaturik, Bonapartek isoglosak lortzen zituen, hots, mapan eremu desberdinak mugatzen dituzten lerroak.
Mapan, berriz, eremuak modelizatu zituen, zeren ez baitituzte herri eta hirietako mugak segitzen. Bonapartek blokeak osatu zituen. Mapako euskalki eremuen arteko eremu zuriak sinplifikazio horren ondorioa dira. Kolore desberdinak erabiliz, euskalki bakoitzaren hedadura hobeki ikus daiteke. Mapak berresten du euskalkien mugek ez dutela probintzienekin bat egiten. Nabarmena da bizkaieraren kasuan (gorriz), Gipuzkoan sartzen ikus daitekeelako, edo erronkarierarentzat (morez), zeina zubereraren aldaera bezala hartzen baitu estatu mugaren gainetik. Ohargarria da, azken adibide honetan, zubererari dagokion eremua ez dela besteak bezain ongi koloreztatua.
L. L. Bonapartek euskararen aldaerak zortzi multzotan adieraztea erabaki zuen: bizkaiera, gipuzkera, lapurtera, zuberera eta Nafarroa garaiko bi euskalki, ipar eta hego artean banaturik, eta Nafarroa behereko beste bi eki-mendebalde banaketa batean. Ikuspegi aski modernoarekin, Bonapartek pentsatzen zuen euskalkiak ez zirela batak besteengandik hain urrun, eta hiru euskalki multzo handitan biltzen zituen denak: mendebaldeko blokea bizkaierarekin, erdialdeko blokea nafar-gipuzkerarekin, eta ekialdeko blokea Ipar Euskal Herrian. Antolaketa horretan ikus daiteke Bonapartek, euskalkien aniztasunaren gibelean, ordena bat antzematen zuela. Hizkuntza mapa guztiek bezala, mapa honek ikusezinak diren hainbat fenomeno agerian ezartzen ditu, hala nola hizkuntzen eremuzko banaketa eta hizkuntzen baitako aldaerak.
Broca
NFrantziako Sainte-Foy-la Grande-n 1824ean sortua, Paul Broca bereziki ezaguna da mintzaira-jardueran garrantzia handia duen burmuinaren ezker-hemisferioari bere izena eman zion ikerlari argi bezala. Euskal Herria, haren biztanleria eta hizkuntza ere ikertu zituen.
Broca-ren mapa, 1875ean Pariseko Dufrenoy-renean argitaratua, formatu txikikoa da. Izan ere, Euskaldunen buruhezurrari buruzko antropologia fisikoko artikulu bat osatzen zuen, non Broca-k Donibane Lohizuneko eta Zarauzko biztanleen arteko antzekotasunak eta desberdintasunak aztertzen baitzituen, Euskal Herria gaur egungo mugaren bi aldeetako kokapenari buruzko ondorioak ateratzeko. Euskal Herri osoa hartzen du.
Broca-k bere mapan euskararen mugak adierazten ditu, bi ekinbide baliatuz: muga politikoaren iparraldean 'lerro jarraikiak euskararen gaur egungo muga erakusten du'; mugaren hego aldean, lerro jarraikiaren ordez marra zatikatua erabiltzen du, herriak euskara baizik mintzatzen ez duen lurraldea zedarritzeko eta gero beste lerro jarraikia ematen du. Honela, lerro betearen eta zatikatuaren arteko eremua identifikatzen du, non herriak euskara eta gaztelera hitz egiten dituen.
Mapa horretan, izendatze ez orekatua erabili du, nahita, leku izenen dentsitatea adierazteko, mapa osoan hiri eta herri nagusiak agerraraziz, baina banaketa lerroetatik hurbil diren lekuak ere zehazten ditu, bere languntzaileengandik xehetasunak eskuraturik. Ondorioz, Azpeitia, Berriz eta Elizondo bezalako herriak eskas dira, junta eremuetatik kanpo egoteagatik. Indurainek eta Orbaizetak, berriz, junta eremuan izanik, aipamena merezi zuten. Ortografiari dagokionez, Kontseilu Orokorrarena edo espainiar koronel adiskide batena segitu ditu: Ainhoue, Ostabat, Licq eta akatsa dirudien Plamplona. Broca-k dio Elisée Reclus eta Honoré Broca izenekoek lagundu zutela. Bonaparteren mapa ere erabili zuen, zeinaren behin betiko argitalpenaren beha baitzegoen.
Euskara-frantsesa eta euskara-gaztelera harremanak desberdin landurik, Broca-k kezka diakronikoa iradokitzen digu, erran nahi baita bere mapak euskararen mugak denboran nola aldatu diren erakutsi nahi duela. Okzitanoak (‘patois béarnais’ bere hitzetan gaskoiarentzat) euskara babesteko izan zuen eskuhartze ezezagunari aipua egiten dio. Broca izan da hipotesia hori plazaratu zuen lehena: bere iritziz, euskara eta gazteleraren artean borroka desorekatua ematen da, eta horrek esplikatzen du gaztelera (hizkuntz ofiziala eta ongi ekipatua) progresiboki euskal eremuan sartu izana. Euskara eta frantsesaren artean indarren desoreka ez bide da hain nabarmena, zeren bien artean kokatzen den Okzitaniako gaskoiak geriza eremua osatzen baitu. Gainera, Broca-k gaskoia epe laburrean desagertuko zela iragarri zuen. Broca-ren ustez, horregatik ez da, iparraldean, euskararen muga mugimendurik izan XII. mendeaz geroztik.
Kartografia eginbide bereziarekin, eta seguruenik Okzitaniako gaskoiaren eta euskararen arteko harreman soziolinguistikoen adierazteko, Broca-k maparen kartutxo batean gaskoi-euskara junta eremuaren zoom modukoa eskaintzen du, Ahurti, Bastida, Bardoze inguruan, non gaskoiaren sartze bat adierazten duen Aturritik eta Aiherraraino. Mapan etxe izenak ere ageri dira, eta badakigu bertan bizi direnek euskaraz ala gaskoiz mintzo zirela. Bizkitartean, nahiz eta biztanleek euskara eta gaskoia mintzatu, ez du "charnegu" terminoa baliatzen.
Guilbeau
Martin Guilbeau lapurtarra 1839 sortu eta 1912an hil zen. Lanbidez medikua zenak, funtzio publikoa ere bete zuen, Donibane Lohizuneko auzapez izanik, Frantziako errepublikarren alderdiaren ordezkari gisa. Euskaldun eta idazle bikaina izatez, euskal kultur mugimenduan ari izan eta Euskaltzaleen biltzarraren sortzaile izan zen.
Euskararen etorkizunaz arranguraturik, euskararen lurralde hedaduraren lekukotasuna utzi nahi izan zuen. Bere mapa, beraz, lekukotasun asmoarekin egin zuen: 1889ko data darama eta 1892an aurkeztu zuen Paueko "Zientzien aitzinamendurako kongresuan".
Formatu handiko mapak, 186x138, Euskal Herri osoa hartzen du, euskara hitz egiten ez edo gehiago hitz egiten ez zuten eremuak barne. Martin Cigarroa margolari trebeak marraztua da. Koloreak erabiltzen ditu, baita marrak ere eremuetako hizkuntz fenomenoen bereizteko. Xehetasun handikoa da, menturaz pizuegia. Estatu, probintzia, eskualdeko (Garazi) eta herri gehienetako mugak ematen ditu. Errekak, xumeenak ere, marra urdinez adieraziak dira. Erliebeari dagokionez, zuzentasun asmorik gabeko zertzeladaz ematen du.
Guilbeau-k euskara eta beste hizkuntzen arteko muga adierazteko xedearekin aritu da, Frantziaren nola Espainiaren menpeko lurraldeetan. Hiru eremu ageri zaizkigu: lehena arrunt euskalduna, bigarrenean euskara nagusiki mintzo da, eta hirugarrena zeharo deseuskaldundutako eremua da. Haatik, ñabardurak ere ematen ditu. Izan ere, marra beltzak euskarak eremu osoan izan duen hedapen garaikidearen mugak adierazten ditu. Baina, hegoaldean, marra gorri eta urdinek euskarak historian zehar galdu eremuak erakusten dituzte. Marra urdinak Irunberri eta Gares bezalako herriak hunkitzen ditu. Xingola urdinez adierazitako eremua datxiko Araban eta Bizkaian, hedapen handiago baten lekuko, Miranda eta Valpuesta arte. Marra gorriak beltzari jarraitzen dio hertsiki, euskarak garai berrietan galdutako eremuak adierazteko. Iparraldean, marra jarraikien ordez, marrazkilariak marratxo gorri eta urdinak darabiltza, edo gorriak soilik muturreko ekialdean. Hiruki batek Baionako hirigunearen egoera soziolinguistiko berezia adieraz lezake. Ekialdeko mugan, marra zuzenak bi okerdura ditu, bat Eskiula aldera kanpora eta bestea Montori aldera barnera.
Maparen goiburuak dioen bezalaxe, « Eskual Herria Pays Basque historique et linguistique », Guilbeau-k (Broca-k bezala) hizkuntzaren eremuak denboran zehar izan duen bilakaera (izatez murriztea) erakutsi nahi izan du.
Guilbeau-k ez du Bonaparteren mapa aipatzen, menturaz printzearekin ika-mika zenbait izan zuelako, baina Paul Broca-renaz baliatu da. Broca-k baino gehiago ez, eta L. L. Bonapartek ez bezala, ez du euskararen aldaeren berri ematen, bai ordea hizkuntzaren iraganeko eta oraingo hedadura geografikoarena, hizkuntzaren etorkizunarekiko kezka adieraziz.
Egileaz
Xarles Videgain Euskaltzain eta ikertzailea da, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean Euskal Literaturako katedradun emeritua, lexikologia eta dialektologian berezitua..