1887ko Sacaze inkestak Ipar Euskal Herriko 169 mapa sortu ditu. Xarles Videgain ikerlari eta euskaltzain emeritoak horien arteko sei guretako ikertu ditu eta Lekunberri, Mithikile, Iholdi, Milafranga Gixune eta Bidaxuneko toponimoen irakurketarako giltza batzuk eskaintzen dizkigu.
Julien Sacaze (1847-1889)
Lanbidez abokatu eta Frantziako Saint-Gaudens herrian sortua, Julien Sacaze-k 1887an erdietsi zuen zenbait irakaslek bi legendaren itzulpenak eman ziezazkioten, Hendaia eta Montpellier arteko 3000 herritako tokiko mintzairetan. Bide batez, irakasle bakoitzari irakasten zuen herriko mapa eginarazi zion. Ohartarazten zuen toponimiak hizkuntza batek lurralde batean duen presentzia zahar eta iraunkorra frogatzen duela.
Irakasleak ez ziren kartografoak, alabaina, funtzionario zintzoak izatez, lan xehea eskaintzeko ahalegina egin zuten. Mapaz gain, herriko toki nagusien izenak eta usu euskarazko horien erran nahia itzulpenaren bidez ematen zituzten. Nola edo hala, Napoleonena deritzon XIX. mende hasieran osatutako katastroan oinarritu ziren. Haatik, irakasleek Sacaze-ri igorritako mapak ez dira hain zehatzak, orri bakarrean sartzen baitira, Napoleonen katastroak sekzio bakoitzeko orri bana zuelarik.
Lekunberri
Corthondo irakasleak eginiko mapa. Irakaslearen deiturak Zuberokoa dirudi. Herriko lur eremuaren forma zinez berezia azpimarratu behar da. Mapak leku izen guti du, eta bereziki mendi izenak ditu ematen (Irau edo Occabe, Sourçay-Gorostibizkarra), baita erreka izenak ere, baina etxe izen guti eta erran daiteke lana ez dela arras osatua. Izatez, herri erdigunea edo purgua ez da argiki agertzen. Eraikin batzuk ‘chalet’ izenez izendatu ditu. Haatik, ez dira turismorako eraikin modernoak, baizik eta mendiko artzain etxolak edo olhak ('cayolar'). 'Arthaburu' kaskotik hurbil ‘cayolar d’Arthabure’ irakur daiteke: harrigarriak ez izanik ere ortografiaren gora beherak, toponimiaren frantsesteko joeraren adierazle dira (buru - boure).
Mithikile-Larrori-Mendibil
28 urteko Barrenne deiturako irakaslea Montorikoa zen, eta beharbada euskalduna. Mapan eskala bat ikus daiteke, baita katastroko atalak, bide, erreka, mendi eta etxe izenak. Napoleonen katastroa egiterakoan, Mithikile (Moncayolle), Larrori (Larrory) eta Mendibil (Mendibieu) 1810ean landu zituzten, bederazka orritan, baina Sacaze-ren garaian bat eginik agertzen ziren 1842az geroztik. 'Aiço-oihana', 'Curutchiague', 'Elichalt' toponimoei esker ikus daiteke herri horretan mintzo zen euskara zuberera zela. Bizkitartean, mapan deusek ez du erakusten 'Moncayolle'-ren jatorrizko euskal izena Mithikile dela.
Iholdi
39 urteko Miguras irakaslea Ahetzen sortu zen. Mapa aski landua da. Batzuetan egileak etxeen euskal izena ematen du, hots toponimoa, baina, glosa modura, haren zentzua ematen du frantsesez. Adibidez, ‘Bazterrétchia’ izenari itsatsita ‘maison écartée’ (baztertua den etxea) azaltzen du informazio gisa, nahiz eta nehork ez duen frantsesez erabiltzen. Bitxikeria bat: gaur egun oraindik beilariak hartzen dituen San Blas baseliza agertzen da mapan, baina Oxartia jatorrizko izena herritik bertara daraman bidea izendatzeko baizik ez da agertzen. Herri gunea ongi berezirik ikus daiteke. Herritik iragaten den errekak ‘Joyeuse’ izen bakarra du. Leku garaiak, hala nola Hocha-Handi edo Suhutseta (Souhoutzeta Napoleonen katastroan) ere agertzen dira.
Milafranga
27 urteko Etchevers irakaslea Barkoxen sortua zen. Beste herrien kasuan bezala, herri izena frantsesez baizik ez du ematen. Beste batzuentzat ez bezala, euskarazko Milafranga izena 'Biele Franque' izenetik datorrela egiaztatua da 1183tik. Lehen, lekua 'Bazter' deitzen zen. J. B. Orpustanek bezala pentsa dezakegu ‘franque’, franche’, gaur euskaraz 'franga' izena herriak Errobin garraiatzeko ezarri zituen frankizia edo kontratuetatik datorkiola, Baionarekin harremanak (korapilatsuak) zituen garaian.
Auzo izenak agertzen dira, ez ordea etxe izenak. Mapan eraikin hondar bat baizik ez da izendatua, Miotz gazteluarena, hain zuzen. Irakasleak bazekikeen Miotz izen biziki zaharra zela. Gatza (gatzaga) eta ofita harrobiak izendatzen ditu lur zoruaren baliabideen artean. Egiten ari ziren trenbidearen ibilbidea agertzen da, baina ez Errobiko portuak. Ez da aipamenik ere Proudine zubiaz, non Baionako Pès de Pouyane auzapezaren aginduz, Lapurdiko jauntxoak marea beheran lotu baitzituzten eta marea gorak ito, hor marearik ez zegoela errateagatik. Hainbat errekaño eta eihera ematen ditu, baina ez Aitaxuri izenekoa, Baionako mugan zegoena. Harrigarria da nola egileak ez duen beti toponimoaren izena bera ematen, baizik eta 'frantsesezko itzulpena'. Honela, Sorgin karrikarentzat ‘la rue des sorciers (dirudienez plurala gehiturik)’ ematen du; halaber, 'moulin du Déluge' eta 'Moulin du moulin' ere agertzen dira. Harrigarriena ‘Allez chercher souvent’ belardiaren itzulpena da, jatorrizkoa ezin asmaturik. Batzuetan itzulpena baizik ez da ageri: ‘Quartier Bas’, ‘Fontaine du rocher’ Harrokako ithurriarentzat, ‘fontaine des chrétiens’ Girichtinoko ithurriarentzat, ‘ruisseau de l’Epine’ Lapharreko errekarentzat. Bada ere forma misto bat: ‘Garatvieux’ Garatezaharraren ordain. Alta, irakasleak euskarazko forma ezagutzen zuen, zeren Julien Sacaze-ri maparekin batera igorri zion zerrendan agertzen baita. Napoleonena izanagatik, Enperadorearen katastroa ez zen menturatzen toponimiaren frantsesteko atea irekiko zuen halako idazkera sarkorra egitera. Badakigu, ordea, hori ez zela Sacaze-ren xedea, honela idazten baitzien irakasleei: « 'leku izen’ horien ortografia berrikustea eskatzen dizuet, zeren interes handikoak baitira, ez soilik geografia ikuspegitik, baizik eta hizkuntzalaritza eta etnologia ikuspegitik ere». Jatorrizko hizkuntzaren formari atxikia zitzaion.
.
Gixune
36 urteko Tambourin irakaslea Suhuskunen sortu zen, eta baliteke euskalduna izatea. Mapa garatugabea da eta leku izenen zati txiki bat baizik ez du ematen, irakasleak mapari erantsitako orri batean bildurik. Katastroko atalen aipamena egiten du. Purgua xehetasunik gabe ematen du, ikur gorri batzuekin. Agramontarren gazteluaren aipamenik ez. Nahiz eta Julien Sacaze-ri igorri behar zizkion kontakizunen testuak gaskoi okzitanieraz idatziak izan, badakigu herrian gaskoi okzitaniera eta euskara mintzo zirela. Mapako toponimiak ‘charnegu’ lurralde honetako hizkuntzen arteko junta eremua erakusten du. Badira izen erromantzeak: Casaounaou, Castaings, Labourdette, Lacoste, Lahéous, Loustaunaou, Mouliang, Trébuc eta euskal izenak: Amestoy, Damestoy, Curutchette, Etchebiague, Etchéchoury, Etchebéhéity, Mendiboure, ortografia zurrunik segitu gabe. Bi hizkuntzetan nabarmena da habitataren garrantzia (‘borde’ eta horren txikitzaileak Labourdette, ‘case’, ‘ostau’, ‘etxe’), leku izena familia izena ere izanik. Baina, Bon Plaisir izeneko etxe bat ere ageri da. Nahiz eta erreka batek ‘arriou de Bosq et Dehoret’ gaskoi izena ukan, geografiaren beste elementu batzuek (‘ravin’, ‘fleuve’, edo ‘rivière’) izen frantsesak dituzte, hala nola 'Bidouse' errekak, honelako ortografiarekin.
Bidaxune
Peyreblanques irakasleak kalitate oneko mapa egin du. Komunikabideen sarea erraz irakurtzen da eta sare hidrografikoa xehetasun handikoa da (Lihoury, Agrabe, Bélare, Castagnet, Gelous, Durague, Lacpats, Ménine, Arriougrand), Biduzez gain. Idazkera erregularra du, norabide onean emana, eta etxe izenek maiuskula dutela. Nomenklatura aski aberatsa du eta etxeen kokapen zehatza. Arriougrand erreka izenak gaskoia bertan mintzo zela adierazten du. Hain zuzen ere, J. Sacaze-k itzultzea eskatu zuen testua okzitanieraz zen: Qué yabé d’aüts cops en un bilatye de les Pyrénées un homy et ube hémne qui èren fort bieills. Etxe izenak bi multzotan sailka daitezke, batzuk euskaraz eta besteak gaskoi okzitanieraz. Euskal toponimoen artean Batchalette, Bélare, Latxague, Nabar, Salaberry agertzen zaizkigu, baina gaskoi formakoak baino kopuru txikiagoan: Bourdette, Bourdeu, Caumont, Hayet, Larribeau, Larroudé, Lataillade, Loustesse, Touron, Milhet, Pédéberdoly. Etxe izen asko bertako jendeen izen ere badira. Bestalde, irakasleek Julien Sacaze-ri igorritako gutun gehienetan bezala, Bidaxune frantsesez baizik (Bidache) ez dute izendatzen, eta bere igorpenean irakasleak izenaren azalpena ematen dio, segururenik 'chemin de la maison' (etxeko bidea), menturaz irakasleak berak 'bide eta 'etxe'ren osaketatzat hartzen zuelako. 'Bide'rentzat egia da, eta Bidaxune herriaren eta Biduze errekaren euskal izenen antzekotasuna erakusten du.
Gehiago jakin
Autoreari buruz
Xarles Videgain, ikerlari eta euskaltzain emeritoaren testua.