Gaiak

XIX. mende hasieran herri batek zer itxura zuen jakiteko, ezinbesteko dokumentu batera jo behar dugu: Napoleonena deritzon katastrora, hain zuzen.

Napoleonen borondatez 1807ko irailaren 16ko legeak agindu zuen katastro baten egitea. Inperio garaian hasita, katastroaren eraketa XIX. mende erdira arte luzatu zen. Ipar Euskal Herriari dagokionez, eta bereziki hemen aipagai ditugun bost herrien kasuan, 1810 (Maule) eta 1841 (Donibane Garazi) artean burutu zen..

Napoleonen katastroa

Napoleonen katastroa garai hartarako balentria izugarria zen, bereziki zehaztasunari zegokionez: herri guztientzat lur sailen planoa osatu zen, katastro matrize batekin, non jabe bakoitzaren izena agertzen baitzen. Honela, lurren okupazioa, jabego motak, bizilekuen banaketa eta toponimia ezagutzeko aukera ematen digu, besteak beste... Errepide, bide eta errekak ere zehaztasunez bilduak ditu.

Katastro hori baino lehen, deus antzekorik ez zen. Cassiniren mapa bazegoen, hots Frantzia osoko lehen mapa topografikoa, eta jadanik berrikuntza handia izan zena. Mapa honek paisaiaren elementu egonkorrak ematen zituen (oihanak), errepideak eta bideak, baina erliebea eta gizakiaren sorkuntzak (bizitokiak, herriak edo purguak) ikur eta berariazko karakterez irudikatuak ziren.

Katastroa, kode zibilaren osagarria da eta norbanakoentzat jabego indibidualaren bermea; Estatuarentzat berriz, zergen banatzeko tresna zen. Gaur egun, Napoleonen katastroa historialari eta geografoentzako ikerketa-gai bilakatu da. Ez ohiko dokumentu horrek, osatu zen denboran lurraldea nolakoa zen ulertzen lagun gaitzake.

Ipar Euskal Herri barnealdeko bost herri

Hautatu ditugun bost herriak, Bidaxune, Hazparne, Maule, Donibane Garazi eta Donapaleu, XVIII. mendea baino lehen eraiki ziren, eta biztanleria eta lurraldeentzako harroin biziki zaharrak osatzen dituzte.

Donapaleu, Nafarroako erresumaren moneta-tailerraren egoitza izan zen, Nafarroa Behereko hiriburu eta barrutiko hiri nagusi; Maule bizkonderri, gazteluzain baten egoitza izan zen, eta ondotik errege-bailea, azpi-eskuordetza eta, bukatzeko barrutiko hiri nagusi 1790ean eta arrondizamenduko hiri nagusi 1800ean; Donibane Garazi, berriz, Bortuz Bestaldeko Merindadeko hiriburu eta plaza militarra. Herrien funtzioa administrazioan eta justizian bermatzen zenez, biztanleria agente publikoz eta lege gizonez osatua zen batetik, eta ofizialez eta merkatariz bestetik, herriok feria eta merkatu guneak baitziren. Biztanleria xumea zuten eta aski egonkorrak izan ohi ziren; lehiakiderik ezean, beren lekua atxikitzea lortzen zuten. Beren eremu geografikoa mugatua izan da beti, Donibane Garaziren kasuan izan ezik. Bidaxunek eta Hazparnek ez dute administrazio funtzio alderagarririk: lehena Agaramonteko jaunen egoitza eta gune administratiboa zen; bigarrenak berriz, Hazparne, lantegiak eta merkatu nagusia zituen.

Herriak aspaldi eratu ziren. Planoak erakusten du terrenoa nola okupatua zen, eta marrazkiak borondate irmoa nabarmen agertzen du (bost herritik lauren kasuan), antolaketa adostuko plano geometrikoarekin. Alderantziz, planorik ez izateak (Hazparne) logika edo gogoeta ezari dagokioke.

Bidaxune

Bidaxune "Hiriaren" planoa (katastroan marraztua den bezala1) aipagarria da. Hiri eite handia du, ehun bat eraikin modu trinkoan lerrokaturik, karrika luze baten alde batera eta bestera. Karrika luzeak etxe multzoaren ardatz nagusia markatzen zuen errepideari dagokio. Etxe multzoan sailek irizpide berak dituzte: lur sail guziak karrikaren perpendikularrean daudenez, borondate argia izan dela erakusten dute, eta menturaz aldi bakarrean hala irudikatuak izan zirela, hiri gisara. Lur sailak etxearen zabalera ematen zuen eta izari bereko baratzea zuen lerro zuzenean eginiko harresi oso batek mugaturik. Hauek ez dira laborantzan ohikoak diren lur sailak, eta etxeak hirikoak dira (gaur egungo zenbait maisu etxe, XVI, XVII eta XVIII. mendeetakoak), ez laborari etxeak.2

Katastroa 1811an osatu zuten, biztanleriaren emendatze azkarra agerian eman zuten bi errolden artean (2017 biz. 1801ean eta 2540 biz. 1826an).

Agaramontarren gazteluaren gerizan, planoak bastida baten oinarria erakuts zezakeen, baina ez du horren ezaugarririk, bereziki erdiko plazarik ez baitu. Hiri berri baten hasiera ote zen, Agaramonteko dukeen sostengua galdurik eta Baiona eta Oloroe arteko merkataritza bidea ahultzen hasirik herri xume izatera behartua izan zena?

Bereizmen handiko mapa

1818 - Plan cadastral de Bidache

Honela, katastroa demografia eta ekonomia alorretan aldaketa gutxi izan zituen XVIII. mendearen ondotik egin zen, eta XIX. mendeko eraldaketa handiak baino lehen:  landa eremuaren husteak bereziki Bidaxunen eragina izan zuen, 1851an 2777 biztanlerekin goia jo eta ondoko urteetan gainbehera izugarria pairatu zuelarik; haatik, Donapaleuk 1896an jo zuen gaina, baina gainbeherarik ez zuen izan; gero, industria iraultzaren hasiera izan zen, eta Maulek biztanle kopuru handiena 1911an izan zuen.

Azkenik, trenbide sarea eraldaketarako elementuetako bat izan zen, baina katastroa trenbidea Donapaleu eta Maulera (1887), eta Donibane Garazira (1899) iritsi baino lehen egin zen. Hazparnerako trenbiderik ez zen ordea biztanleria egonkortu zen.

Nolazpait, Napoleonen katastroa bost herriren eratzeko matrize modukoa izan zen, zeinaren gainetik garatuko baitziren, oinordetzan jaso formak ezabatu gabe, Maulek ez ezik ("hiri garaiaren" kokapenarengatik, maldan egonik garatzeko aukera gutxi baitzuen).

Bizkitartean, katastroko planoak XIX. mendeko hirien historiaren laburpena izan badaitezke, frogatu nahi izan dugun bezala, ez dezakete ordea historia osoaren berri eman.

Pierre LABORDE, Irakasle emeritua Bordeleko Michel de Montaigne Unibertsitatean.

Euskal Museoko bultineako 198. zkia argitaratua, 2022ko 2. semestroan

Oharrak

1 "Villa de bidaxen" XIII. mende bukaera.

2 Ikus: Bidaxuneko Arkitektura eta Ondarean Balioan emateko Eremua (AVAP), 2014.