Aturri bazterreko Baiona historia hiriaren eta antzina arrantzale portu zen eta orain nazioartean ospetsua bilakatu den Biarritz turismo gunearen arteko eremua da, seguruenik, Ipar Euskal Herri osoan azken hamarkadetan paisaiaren eta naturaren eraldaketarik erradikalenak jasan dituena, Lapurdi kostaldeko patuaren lekuko. Eremu hiruki hori da, nola edo hala, Angeluren 27 km²ko lurraldea, Kantauri itsasoak eta Aturri ibaiak mugaturik.
Angeluren historian zehar etengabeko joera izan da intak eta sakonuneak okupatzeko eta antolatzeko, horien idortzeko eta laborantza edo hazkuntza lur bilakatzeko. Prozesu geldo eta luzea, geroko urbanizazio berantiar eta masiboak ordeztuko zuena.
Baiona hiriaren atzealdea
Angelu populatu zenaren frogak Erdi Aroan (XI eta XII. mendeak) ditugu, non Berindos (gaur egun Brindos) izeneko eliza aipatzen den, baita landa eremu bat ere. Ordutik goiti beste eremu edo leku batzuk agertzen ziren: Balichon, Beyris, Haritzaga, San Leoneko parrokia, Hasketako portua.
Landa eremu zabala erliebe xumez (lehen biztanleak kokatu ziren Brindos eta Sutar bezalako ordokiak eta terrazak) eta lur apalez (itsasbazterreko dunak, ibai ertzeko bartak eta errekak) osatua zen. Orotariko laborari etxaldeak zeuden (egurra, fruitu ondoak, mahastiak, errotak) eta laborantzaz eta behi hazkuntzaz bizi ziren.
Entitate bakarra baino, auzo multzoa zen, dentsitate txikiko parrokia antolaketarekin, eta Baiona apezpiku, bizkonde eta merkatari hiri handiarekin lehiatu ezinik.
Izatez, hiriburuaren hornitzaile naturala zen Angelu. Landa eremurik aberatsenak Baionako burges zenbaiten jabegoa izan ohi ziren. Bestalde, barta ugari Baionako idien bazkaleku bezala baliatzen zituzten, baita animalientzako inaurkinentzako oteak mozteko. Bi udalen arteko lehia biziak baziren lur horien inguruan, izan jabegoarentzat nola bertako baliabideen kontrolatzeko.
Aturri ibaiaren bokalearen gorabeherak
16. mendea
Eremuaren antolaketa geografikoa birmoldatuko zuen aldaketa nagusia gertatu zen XVI. mendean, Aturri ibaiaren itsasoratzea lekuz aldatu zenetik.
Aturrik berez, bokale aldakorra zuen, Vieux-Boucau eta Capbreton artean ibili ohi zen. XVI. mende osoan, Baionako merkataritza gainbeheran zegoen, bokalea urrun izanik, eta bereziki Barra hondarrez betetzen zelako, itsasontzi handiek ezin baitzuten itsasadarrean sartu. 1570 urteetatik goiti, Louis de Foix ingeniariak, bertako langileen indarrez baliatuz, Baionatik itsasorako aterabide zuzena zulatu zuen, noizean behin, urtaro eta eguraldiaren arabera, ibai-adar batek markatu bideari jarraikiz.
1578ko urriaren 25ean, enbata bortitz batek Aturriren desbideratzea behartu zuen: Errobik bat batean gainezka egin zuen, Baiona osoa urperatzera mehatxatuz, eta Aturriko urak itsasora bortxatu zituen, aterabide berria irekiz.
Ordutik, Baionako portuko jarduera azkartu zen. Bakailao arrantzak eta balea ihiziak arrantzale eta armadoreak aberastu zituzten XVII. mende bukaera arte.
Alabaina, beste bi mendez oraindik, Aturriren bokaleak aski ezegonkor izaten segitu zuen.
17. mendea
XVIII. mendean zehar, Aturriren ibilgua pixkanaka zuzenduz joan zen, itsas harresi eta barra sistema bati esker. Honela beharturik, ibaiak pixkanaka iparraldera jo zuen, eta itsasontziak pasaia hori hartzen hasi ziren; hondar guneak mareen eraginez moldatu eta itsasbazterrak eite berria hartu zuen.
1731
1744
1744ean, ibaiaren ibilgua itsas harresiek markatzen zuten.
Ondorioz, Chiberta deitu gunea libre gelditu zen, itsasoak utzirik, eta hondarrezko zabalera handiak eskainiz. Ez ziren, ordea, luzaz egon landu gabe: auzolan luze bati esker, lurrak idortu ziren eta mahastiak landatu.
Bereizmen handiko mapa
1744 - Plan du cours de la rivière de l'Adour depuis Bayonne jusques à la mer
1764
20 urte geroago, zola atxikitzen laguntzen zuten lur landuak bokaleraino hedatu ziren. Ibaiaren bi aldeetako itsasbazterrak lerrokatuak gelditu ziren.
Laborantza lurra
Lurraldeak orotariko zoruak eskaintzen zituen, baita laborantza mota ugari egiteko aukera ere. Hortaz, XX. mendera arte bilakaera aipagarria izan zuen.
Beyris eta Balichon-eko bartak
Aturri bazterretako eremu honetan zingiretako errekaño andana isurtzen ziren. Ekinokzioko marea handiek lur apal hauek urez estali ohi zituztenez, luzaz bazkaleku preziatuak izan ziren. Baionako harakinei eta Aspe haraneko artzainei ere alokairuan ematen zizkieten.
Pignada pinudia
Dans les pignadas, on récolte la résine ou la gemme issue des pins pour produire des chandelles ou pour permettre le calfatage des navires mais également pour réaliser des savons, parfums ou encore de nombreux articles domestiques.
La forêt comptait également des plantations de chêne-liège dotées de nombreux usages (bouchons mais aussi des sols très à la mode au XIXe siècle), mais aussi des bois de chênes tauzins à Sutar, Brindos, Aritxague, Parme…
Itsas pinudia –Pignadar, Pignada edo Pignadas izendatua- XVIII. mendeko mapetan agertzen hasi zen.
Baina, pinudia beste maila batera pasako zen ingurunea ezagutzen zuen Napoleon III.aren ekimenez.
1865ean, Enperadoreak 90 000 franko urre eman zituen Chibertako oihana egiteko. Horretarako 300 000 pinu landatu zituzten, bokalearen egonkortzeak libre utzitako duna eremu osoan.
Pinudietan arraxina eta gema biltzen zen kandelen egiteko edo itsasontzien bikeztatzeko. Xaboiak, usain onak eta etxeko beste gauza anitzen egiteko ere baliatzen ziren.
Oihanean baziren ere erabilera anitzeko artelatzak (tapoiak, eta XIX. mendean oso modan ziren zoruak), baita ametzak ere Sutar, Brindos, Aritzaga eta Parma inguruetan.
Mahastiak
Mahastien lehen aipuak XVII. mendean ditugu. Itsasotik gerizan ziren dunen aldean garatu ziren modu sistematikoan. Dunazko zoruaren ezegonkortasunarengatik lan gaitza zen. Mahatsondoak etengabe altxatu behar zituzten landareen erroak atera ez zitezen. Ipar-hego noranzko ildoetan landatuak ziren, isats eta bestelako ote lerroek babesturik. Mahastiak itsasbazter osoan kurritzen ziren Amodio Ganbera deitu lekuraino.
Mahastien gainbehera XIX. mende erditsutan hasiko zen nabarmentzen. Aitortu behar da lan dorpea zela, etekin urrikoa eta kalitate eskaseko arnoa ematen zuena.
Bereizmen handiko mapa
1779 - Carte de la côte depuis Fontarabie en Espagne jusqu'au bourg de Capbreton
Baratzezaintza
Brindosen bezalako lur beltz eta emankor baina ur eskasekoetan, hainbat barazki ekoizten zen, hala nola pastenagreak, patatak, errefauak eta entsaladak. Itsasbazterretik hurbilago, Blancpignon eta Montbrun bezalakoetan, hondarrezko lur ureztatuetan zainzuriak eta biper goxoak lantzen ziren (Hego Ameriketatik XIX. mende erditsutan ekarriak). Beste leku guztietan, Angeluko bazterrak iturri belarrez josiak ziren.
Zerealak ere (garia, artoa) landu ohi ziren, Brindos auzoan zeuden eihera andanak ziurtatzen duen bezala.
Herriak laborantza eta baratzegintza lur nagusia izaten segitu zuen gerla pasatu arte. Orduan hasi zen eraiki gabeak ziren sailak urbanizatzen.
Antolamendu eta urbanizazio intentsiboak
Angelu Biarritzerako bidean zegoen, non XVIII. mendean itsas bainuak garatzen hasi zirenetik Baionako burgesak eta Espainia nola Ingalaterrako bezero gero eta gehiago joaten baitzen.
1771 - Cassiniren mapa
Baionatik Biarritzerako bidea luzaz hondarretik egiten zen, nekez, eta itsas bainuzaleak garraiatzeko orgak pasatzen ziren nagusiki. Alabaina, Berry-ko dukesaren 1828ko bisita prestatzeko (Frantziako koroaren oinordekoaren ama) bidea errepide bilakatu zuten. Laster diligentziek, zalgurdiek eta omnibusek baliatuko zuten.
1831 - Napoleondar katastroa
Horiek horrela, Napoleonen katastroa Angelun 1831an egin zenean, landa eremuko herri bezala agertzen zaigu: bideen xehetasunak ikus ditzakegu, auzoen izenak eta laborantza eremuak. Bertan aurkituko ditugu ere eiherak trumilka, errekak eta aintzirak, ubideak, iturriak, labeak eta abar. Herri erdigunea ere seinalatzen du Angeluko elizaren aipamenarekin.
Inperio garaia
1854ean, Montijo-ko Eugeniak bere senar Enperadoreari Biarritz ezagutarazi zionetik, hiria udako egonleku bilakatu zitzaien, eta orduz geroztik itsasbazterreko estazio txikia handikien artean modan sartu zen. Orduan, Lapurdiko kostalde osoa hasi zen horrelako ekipamendu berri eta modernoen egiten: trena Baionara iritsi zen 1855ean eta Biarritzera 1865ean, Harausta auzoan eginiko geltoki berrira.
1870 - Barrako hipodromoa
1870,ean, Chibertako dunetan zaldi lastertokia eraikitzea erabaki zuten, Barra deituriko gunean aisialdi eta turismo gune berri baten garatzeko xedearekin, Biarritzen joerari jarraikiz. Hipodromoak, ordura arte mahastiak eta baratzeak ziren lurretan berrogeita hamar bat hektarea hartuko zituen, turismo garapenaren beharren eta lurraldeko laborarien arteko arrakala gero eta gehiago sakonduz.
1877 - Tranbia eta golf zelaia
1877an, BAB (Baiona Angelu Biarritz) deituriko lurrun-tranbia estreinatu zen. Angeluko Bost Kantoietako auzoan egiten zuen geldialdia. Alabaina, garraio berriak kritika ugari ukan zituen, landa bideak zaintzarik gabe zeharkatzen zituelako eta ondorioz istripu ugari eragiten, eta aldi berean Donibane administrazio auzoa saihesten zuelako. Egiari zor, xedea ez zen Angeluko biztanleei garraioa eskaintzea, baizik eta Baiona eta Biarritz elkarri lotzea.
1888an, Biarritzeko golf zelaia egin zuten, neurri handi batean Angeluko lurretan. Amodio Ganbara auzoan, lehen opor egoitzak eraikitzen hasi ziren, Biarritzeko etxe multzo inperialaren segidan. Chibertako oihana lasterkako ihizirako erabiltzen zuten.
Urte berean, Baionako Lizeoa - Biarritz (BLB), tranbia estreinatu zuten, N10 errepidetik. Laster, BLBk arrakasta handiagoa bildu zuen BABk baino, Angeluko Donibane administrazio auzotik eta Baionako Marracq lizeotik igarotzen zelako, non Angeluko ikasle anitz eskolaratuak baitziren.
20e siècle - VDFM lineak
VFDM (Voies ferrées départementales du Midi) Baionatik Hendaiarako linea, Barratik pasatzen zena, 1913 eta 1927 artean egin zuten. Chibertako oihanean barna eta Amodio Ganbarako hondartzen gainaldetik iraganez, "kostaldeko tranbia" luze gabe linea turistiko bilakatu zen, baina bertakoek ere atsegin zuten.
Bi Mundu Gerlen artean, erresidentziak eraikitzeko sukarraldi batekin batera, errepide, tren eta tranbia sare trinko batek Biarritzerako joan etorri praktiko, eroso eta atseginak eskaintzen zituen.
1929 - Estazio klimatikoa eta zonalde industrialak
1927an, Chibertako zazpi hektareako golf zelaia estreinatu zuten, Europako handikien presentziaz.
1929an Angelu ere "klima estazio" sailkatua izan zen. Baiona, Angelu eta Biarritz nazioarteko xedea izanen zuen aireportu bat egiteko ados ezarri ziren, baina horretarako Angeluk laborantza lur emankorrenen zati handi bat utzi behar izan zuen (Parmako ordokian, Brindoseko populatze gune zaharraren gainaldean). Aireportuaren bi heren Angelun daude.
Xibaltareko hondar zaharren gainean Chibertako turismo eta erresidentzia eremu berria garatzen ari zen ber denboran, ondoko Blancpignon auzoan industria zen kokatzen ari: bolborategia, Latécoère lantegiak, xaboitegiak, Aturriko kimika industria, Compagnie des Phosphates de Constantine eta abar.
XX. mende bukaera: hiria hedatu da
50ko hamarkadatik aurrera, ekonomia krisi eta gerren ondotik, eta frankismoaren bukaerarekin, turismoa pixkanaka garatzen hasi zen. Barratik Amodio Ganbara arteko hondartzak jatorri orotako turistentzako oso erakargarri bilakatu ziren. Berreraikuntza eta garapen materialeko garaiak izan ziren: Biarritzeko nazioarteko aireportua bukatu zen (1954) eta A63 autopista 1972an iritsi zen bertara.
1996 - Vue aérienne
XX. mende bukaeran, Biarritz, Angelu eta Baiona hirigune bat eta bakarra bilakatu ziren. Angelu oso hiri sakabanatua da, lehengo laborantza lurren antolaketarengatik. Lur sailak batak besteen ondotik saldu baitziren eraikuntzen egiteko.
Izan duen laborantza iraganetik, mapetan gaur egun berdegune batzuk baizik ez dira ageri: Chibertako oihana Xibaltare pinudi handitik gelditzen den zatitxoa, Notre -Dame du Refuge serora jabegoaren laborantza lurrak (15 hektarea pinudi eta artadi, zenbait parke eta lorategi), iraganeko jabego handien hondarrak direnak.
Orain, Angeluk iraganeko laborantza ondarearekin lotura egin nahi luke. Horretarako, azken urteetan mahastiak duna guneetan sartzen saiatzen ari dira; horrek, betidanik ezegonkorra den itsasbazterra egonkortzeko abantaila ere eskainiko luke.
Bibliografia
- P. Laborde, “L’histoire de Biarritz”. Elkar, 2019
- Manex Goyhenetche, “Histoire d’Anglet des origines à nos jours”. Elkar, 2003.
- Anglet, article Wikipédia : https://fr.wikipedia.org/wiki/Anglet (consulté 14/08/2023).