Gaiak

«Lekuetan, probintzietan, barrutietan eta mugetan zehaztasun espazialak txertatuz, geografiak historia kontakizunari irakurgarritasun hobea bermatzen dio, iraganeko gertakariak hobeki ulertzeko». (Nordman-2018)

Sartzea

Geografiaren arrazoibide horretarako mapak ezinbestekoak zaizkigu. Egiazko edo irudimenezko munduetarako sarbidea eskaintzen dute, eta irakurtzen dituztenengan itxaropena eta beldurra eragin ditzakete, abenturarako edo gogoetarako iradokizun bilaka daitezke. Errealitate geofisikoei buruzko informazioak emanez, zibilizazioen kosmologia12 ere argitzen digute. Honela, «Kosmografia» deituriko geografikoki ordenatutako obren sortze prozesuan parte hartzen dute: fenomeno naturalen eta gizarteen inbentarioak.

Aldarrikapen sozial edo politikoko mapak direnean, potentzien nagusitasuna adierazten dute, menpean dituzten jabego edo probintzien kontrola irudikatuz. Ez dira teorialariek eginak, bai ordea, terrenoko geometroek, Erregearen edo Errepublikaren ingeniariek, itsas gudarosteko ofizialek, merkatariek, esploratzaileek, "kolonialeko" ofizialek edo militar geodesiarrek. Guzti horiek, aginteek inposatu beharren araberako eskualde eta herrialdeen (gizataldeak, ekonomia aberastasunak, tribuak, erreinuak) inbentario geografiko zehatzez hornitu zituzten beren lanak. Estatu handi baten aparatuak baizik ez zezakeen halakorik egin. 

Mapen lehen funtzioa monastegietako ordenei, familia feudalei, militarrei eta merkatariei informazioa ematea izan zen. Ondorioz, mapek hedapen mugatua izan zuten. Funtzio turistikoa aski berria da (1840). Atzerritarrak mendiguneetako haranak eta itsasbazterra saldoan bisitatzera etortzearekin agertu ziren. Bizkitartean, turista horiei zor diegu argitalpen zabalagoak egin izana, baita gehiago hedatu eta saldu izana ere.

Euskal Herriko mapa funtsak

Mapak osatu ziren testuingurua

Euskal Herriak, ipar ala hego, kartografia historiko oparo eta aberatsa du. Hainbat arrazoi historiko, geografiko, ekonomiko eta geopolitikori zor zaie mapen ugaritasun hori:

    • Nafarroako Erresumaren sortzea, 
    • Ingalaterraren jabegoa eta gaskoi aroa, 
    • Erlijio ordenak eta beren Beatus-ak,3,
    • Frantziak eta Gaztelak bideratutako asimilazio garaiak,
    • Europan Ipar-Hego pasabidearen kokapen estrategikoa,
    • Nazio-Estatuen arteko mugaren sortzea,
    • Azken bost mendeetako gerra kate luzea,
    • Eskala handiko itsas-merkataritzaren garapena,
    • Arrantzaren loraldia,
    • Turismoa agertu eta haren berehalako garapena,
    • Pirinioez gaindiko ekonomia harremanak,
    • Aturri, Urdazuri eta Bidasoa ibaien itsasoratzeko bokaleen antolamendua,
    • Hiri-gotorrak eta zitadela militarrak,
    • Era orotako azpiegiturak,
    • Jabego indibidualaren agerpena.

Errealitate guzti horiek islatzeko milaka dokumentu grafiko behar izan dira. Garaian garaiko teknikak baliatuz eta matematikak eta neurketa materiala aitzinatu ahala marraztu baziren, ez dugu ahantzi behar mapetako datuak okertzen zituzten erlijio, filosofia eta politika debekuak ere altxatu behar izan zirela.

Mapetan gehien irudikatu diren eskualdeak

Estatistiken arabera honakoak dira gehien kartografiatu diren Ipar Euskal Herriko eskualdeak:

Funts digitalizatuak

Gaur egun, mapa zaharren bilaketa pista joko baten antzekoa izan daiteke, zeren orotariko erakundeek publiko zabalaren esku dokumentu digitalizatu andana ezarri baitute.

Honako gako-hitzek « pyrénées, pirineos, vasco, navarra, pays basque, biscaye, océan atlantique, maps, carte, mapa, cartotheca, cartothèque, bayonne, bidasoa, cantabria, basses pyrénées, pyrénées atlantiques, etat major, cadastre, … »  corpus koherente eta baliagarria osatzen dute mapa zaharrei buruzko sareetan bilaketa egin nahi duen ororentzat, Euskal Herriko mapak barne.

Izenda ditzagun aipagarrienak:

Bilaketa amaigabe baterako hainbat ate (Ipar Euskal Herriari buruzko 6 000 notiza inguru).

Funtsaren ibilbide historikoa

Honako atal laburra Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoa probintzietako kartografia zedarritu duten urratsen ikuspegi bizkorra baizik ez da.

Ipar Euskal Herriaren mapen artean, garaiak garai, bi mapa mota bereiz ditzakegu duten funtzioaren arabera.

Informazio orokorreko mapak

Informazio orokorreko mapak ez dira erregularrak, ez dute neurtzeko aukerarik ematen, ez eta ezaugarritze zehatzik egiteko ere. 

Abauntzako mapa, 10000 KA

Euskal Herrian egin den lehen "mapa" Abauntzakoa da, Nafarroan, Kristo aitzineko (KA) 9818. urtean. Hiru harritan egindako grabadurek leize-zuloaren inguruko geografia eta ehizarako planoak adierazten dituzte. Iruñeko museoan ikus daiteke haien erreprodukzioa.

Abauntzako mapa

Wikimedia commons - CC-by-sa - Luistxo

Ptolomeoren mapa, 150 KO

Jatorriz Egiptokoa den mapa hau Ptolomeo astronomo eta geografo grekoaren Gida Geografikotik (Kristo ondorengo 127/155) eratorria da. Proiekzio koniko eta pseudo-konikoen berrikuntza iraultzailea baliatuz, Lurraren edozein punturi latitudea eta longitudea ematen ahal zitzaion. Akatsak akats, 16 mendez erabilia izan zen, harik eta matematikari/geodesiar/geometro/geografoek Lurraren biribiltasunari hobeki egokitutako proiekzio modelo berriak erabili zituzten arte. Halere, Ptolomeok ulertu zuen mapen zehaztasunerako gakoetako batek azalera biribil bat orri leun batean proiektatzean zetzala.

Ptolomeoren maparen berreraikitzea

Wikimedia commons - Jabego publikoa

Mercatoren mapa, (1585)

Horrekin hasi zen mapetan erreferentzia zehatzagoak txertatzen, mapa zehatzagoak egiten, non toponimia eta lurraldeen bilakaerak agertzen baitziren. Gogoan izan behar dugu XVI. eta XIX. mendeen artean Nazio Estatuen geografia etengabe aldatzen zela.

Hiri, bide eta portuek aldaketak eta antolamendu berriak jasaten zituzten etengabe. Aldi berean eman ziren biztanleriaren, industriaren eta lurralde luberrituen hedapenek, guduek eta merkataritzarako bideek lurraldeen errepresentazioa egokitzea eta geografia informazioaren ikuspegi berria behartu zituzten.

Aquitania australis regnu[m] Arelatense cum confiniis

Herbehereetako kartografiaren urrezko aroa, (1570-1705)

XVII. mendean, Espainiaren kontrako gatazkaren ondotik Herbehereetako merkataritza inperio zabala sortu zen. Ondorioz, herrialde horrek kasik itsaso guztiak menpean zituen. Blaeu-ren «Kosmografia» XVII. mendeko mapa argitalpen nagusiena izan zen. «Historiaren begia eta argia da».

Grabaduren kalitateak mapen maila goratu zuen, zeina ondoko mendeetan zehar hobetzen joanen baitzen. Eman ziren aitzinamenduak Amsterdamen kokatutako Hondius eta Blaeu familien arteko lehiaren emaitza dira.  Bloemgracht bezalako tirada handiko inprimategien agerpenak ere izan zuen zer ikustekorik.

Blaeu eta Hondius-ez gain, edukian euskarrian baino arreta gehiago ezartzen zuten beste argitaletxe batzuk ere baziren: De Witt, Ortelius, Van Doetecum, Janssonius, Huych Allard, Van Hamersveldt, Luyts, Waghenaer, Hoefnagel, Matalius, Kaerius Caelavit, Van den Hoeye, Plancius, ….

Frantzian, La Guillotière, Sollon de la Fitte, Mortier, Sanson d’Abbeville, De L’Isle, De Vaugondy, Bellin, Bonne, Capitaine, de Fer, l’abbé Raynald, Chanlaire, Brion de la Tour, de Grandpré, Tourros, De Beaulieu, Classun, Tavernier, Du Val, Jaillot, eta abarrek ildo horri ekin zioten.

De Trudaine etxeari agindu zioten Baiona-Urkulu eta Baiona-Hendaia bide inperialen irudikapena egitea.

Espainian, Pedro de Esquivel, Juan de Lavanha, Juan de Herrera et Tomás Mauricio López de Vargas Machuca, Tomas Lopez gisa ezagutua, Francisco Lorenzana, Francisco  Nande, Tofino,… izan ziren kartografiaren abenturan ausartu zirenak.

Italian, berriz, kartografia urria izan zen. Gastaldi, Braunio Agrippinate, Simeoni, …

Kartografo horiek, noiz edo noiz, euskal probintzietako plano oso edo partzialak grabatu zituzten.

Carte du Bourdelois, du pais de Medoc, et de la prevosté de Born (Blaeu)

Auch-eko generalitatarendako Trudaine-en atlasa

Inbentario orokorreko mapak

Inbentario orokorreko mapak mapa erregularrak dira, geodesia batean oinarritzen direnak, eta etxeak, errekak, landaretza, monumentuak, zedarriak eta abar jasotzen dituztenak. 

Roussel-La Blottière (1730)

«Carte des Monts Pyrénées et partie des Royaumes de France et d’Espagne» izeneko mapa Rousse deituriko ingeniari geografo baten lana da, gotorlekuen ingeniari zen La Blottière-rekin lankidetzan egina. 1730ean argitaratu zen 15 urteko lan gaitzaren ondotik. 1:216 000 eskalako zortzi orriz osatua da. Alabaina, emaitza etsigarritzat hartu zen orduan, erliebearen irudikapen eskasagatik. Izan ere, egileek "cavalière" izeneko perspektiba baliatu zuten, hots, juntaturiko pentoka hurrenkera bat, zeinak erliebeak adierazi behar baitzituen. Azkenik, mapa horrek mendate eta haranei ikusgarritasun berezia ematen die, orduko kartografo militarren artean ohikoa zen bezala. Izatez, mendiguneetan mendateen jabegoa dute lehentasun, izan erasorako nola defentsarako.

1730 - Carte générale des Monts Pyrénées, et partie des Royaumes de France et d'Espagne

Cassiniren mapak, (1760-1815)

Egiazko mapatzat har daitekeen lehen dokumentua «Cassini-ren mapa » da, 1/84 600 eskalakoa, Frantziako Luis XV.ak agindurik.

Dokumentu sinoptiko hori aurrekoengandik desberdina da, zeren triangelukatzea erabiliz Erresuma plano batean jaso baitzuen (Pelletier, 2002). Honela, lehenbizikoz, Frantzia osoko paisaiaren elementuak bildu zituen. Haatik, mapa hori ez da egokia konparaketarako, zeren baliatzen zuen proiekzio sistema eta gaur egungo mapa topografikoena arrun bestelakoak baitira.

Bizkitartean, kokapenak oso zehatzak ez diren arren, Cassiniren mapak inbentario orokor baten euskarri izaten segitzen du.

Cassiniren mapak ahalbidetu zuen zerga araudietan perspektiba berriak irekitzeko, baina klaseen arteko (noblezia, eliza, burgesia, laborariak, lur-jabeak) edo pentsamendu korronteen arteko (higienistak, labore laborariak, arrain hazkuntza, oihanzainak…) interes gatazkei bide eman zien bereziki.

Testuinguru berezi hartan burutu ziren hainbat inbentario. Cassiniren mapa egin aitzin, ekintza geodesikoak burutu behar izan zituzten, zeinak globoaren neurketetan egin aitzinamenduei esker egin ahal izan baitziren. 1744an, behaketa astronomikoetatik koordenatu geografikoak atera eta elkarren artean loturiko 3 000 puntuko «datum geometrikoak» amaraun zabala osatzen zuen, non Cassini IV deritzon maparen xehetasunak txertatuko baitziren.

Carte générale de la France. 139

Mugen mapa, (1786)

Ornano eta Ventura de Caro botere orodunen agindupean militarrek eginiko mapa da. 1:14 400 eskalako mapak itzalen bidez adierazten du erliebea, eta eremu landatuak tinta berdez erakustera ematen ditu. « Bi isurialdeen arteko banaketaren auzia ez zen trenkatua, eta soilik "fede ona" argudia zezaketen… Izatez, terrenoan agertzen zen uren banaketa lerroaren araberako muga baten ezartzea, ipar isurialdearen (frantsesa) eta hego isurialdearen (espainola) artean. Alta, hautu hark kezka ugari sortzen zuen, zeren batzuetan frantsesen aldekoa baitzen (Val d'Aran, Andorrako haranak, edo Aldudeko harana), eta beste batzuetan espainolen aldekoa, hala nola 1659an beretutako Cerdanya Garaia eta Iratiko oihan handia». (Puyo- García Álvarez -2016). Junker/Heredia triangelukatzean oinarritzen da.

Pasaia - Urdazuri / Iantzi - Donibane Garazi / Eugi - Otsagabia / Eiheralarre - Orhi mendia - Lakuaga / Ustarroze - Aragonekiko mugak dira Euskal Herria zehaztasunez biltzen duten interes goreneko bost mapak.

Gehiago jakin: une frontière pour les pyrénées : l’épisode trop méconnu de la commission topographique franco-espagnole Caro-Ornano (1784-1792), par Jean-Yves Puyo (Université de Pau et des Pays de l’Adour - laboratoire PASSAGES (UMR 5319) et Jacobo García Álvarez (Universidad Carlos III de Madrid).

Calque fait d'après le plan levé par les ingénieurs français et espagnols depuis 1780 jusqu'en 1788 envoyés pour tracer les limites de France et d'Espagne

Napoleonen katastroa (1808-1850)

1807ko Frantziako katastro partzelarioa, «Napoleonen katastro» bezala ezaguna, Frantziaren administrazio peko lurralde kontinentalen lehen dokumentu kartografiko zehatza da, eskualde edo tokiko mailan erabil daitekeena. Sistema hamartarra, metroa eta azalerak neurtzeko zentiarea (edo m²) inposatu zituen.  Tokian tokiko inkestetan bilduriko milaka toponimo ematen ditu, «herriko jendeak» erabili ohi dituen bezala.  Jabego indibidual edo kolektiboaren sistema juridikoa ere ezarri zuen, eta bide batez «hirugarrenak behartzeko» nozioa asmatu zuen.  «Gizarte biziaren objektuak edo errealitateak kategoria desberdinetan sailkatzea, Estatuaren ekintza errazteko» (Legaz-2008) izan da, hain zuzen, obra horren lehen bertutea. 1807ko katastroa eskualde edo tokiko mailan erabil daitekeen dokumentu kartografikoa da. Ipar Euskal Herria ez zuten bazter utzi.

1807ko irailaren 15eko frantses legeak, 1808ko urtarrilaren 27ko inperio araudiak osaturik, dispositibo berria ezarri zuen, lur sailen mugetan oinarrituz, zeinak lur-neurketa metodoen bidez jaso baitziren. Planoek erregularrak izan beharko lukete (ziurtasun gabeko neurketa). Prony-ren kalkulu metodoetan oinarritzen dira. Ondorioz, lur saila honela definitu zuten: «kantonamendu, edo leku ezagun berean, laborantza mota bera hartzen duten eta jabe berarenak diren, muga edo banaketa materialik gabeko lur puska ez zatituak».
Legea ezartzearekin batera, geometroei baliabide handiak eman zizkieten. Baina, eginkizunaren handitasuna eta horren egiteko jende eskasa zirela-eta, biziki luze joan zen: honela, lehen katastroa 1808koa zen eta azkena 1850ekoa. 

Honako elementuek osatzen dute Napoleonen katastroa: uztartze taula bat, lur sailen planoa, atalen zerrenda eta katastro matrizea. Uztartze taulak herriko lurraldearen ikuspegi orokorra ematen du. Ez du eskala finkorik. Herriaren izariaren arabera moldatzen zuten eskala, helburua baitzen herri osoa orri bakarrean sarraraztea (1/5 000tik 1/20 000ra). Lur sailen mapa herri bakoitzarentzat egiten zen: herriaren izariaren arabera, atalak zehazten ditu, zeinak beharren arabera beste mapa batean zehazten baitira. Lur sailak ematen ditu, izan laborantzakoak edo eraikiak, eta koloreekin bereizten ditu lurrak, oihanak eta ura.  Eskala desberdinak erabiltzen ditu, lekuaren arabera: 1/500 (hiria), 1/2 000 (landa eremua eta mendi ertaina), 1/5 000 (mendia). 

Pirinio-Beheretako departamenduko planoak, 1807-1846 artean egin zena, 7 500 plano zehatz ditu, eta horietarik 3 000 Ipar Euskal Herriari dagozkio.

Napoleonen katastroa - Ürrüstoi (1810)

Napoleonen katastroa - Biarritz (1831)

Napoleonen katastroa - Beskoitze (1835)

Mapa Militarrak, (1825-1862-1891)

XIX. mendeko kartografia lana burutu zuen. Helburu militar eta administratiboak ditu. 1825ean hasi eta 1862an burutu zen. 1:10000eko angelu zatiko teodolitoaz gain, taulatxoa, matraze esmerilatuko nibela, eklimetroko erregela, iparrorratz nibelduna bezalako material berriak erabili zituzten.  Jasotze eskala 1:10 000koa da, eta euskarri-zinkak 1:80 000 edo 1:50 000 eskalan grabatuak dira. Galbanoplastia teknikarekin berritu zuten 1889an. 

1891an eguneratze lana egin behar izan zuten, departamendu errepideak eta trenbideak agertu baitziren.

Gabezia eta ahaztura batzuk tarteko, gaur egungo toponimia finkatu zuen.

Bayonne / Levée par les Officiers du Corps d'Etat-Major ; et publiée par le Dépôt de la Guerre en 1856

Bukaera

Idazlanak, monumentuak, jantziak, tradizioak eta mitoak bezalaxe, mapa historikoak Euskaldunen memoria kolektiboaren markatzaileak dira. Kontakizun historikoaren irakurgarritasunaren berme eta iraganeko gertakarien argipen adimentsua dira.

Egileaz

Beñat Auriol geometro-topografo-kartografo erretiratua da, Frantziako Mendi Federazioko "kartografia" instruktorea, Baionako Auñamendi mendi elkarteko lehendakaria, 2023/09/18

Gehiago jakin

Auñamendi elkartea

Oharrak

1 Kosmogonia, kontakizun mitologikoa da, Munduaren eraketa deskribatzen edo azaltzen duena. (Adib.: itsas mapetako kartutxoak).

2 Kosmologia: Unibertsoaren formari eta dinamikari buruzko irudikapenen multzo gutxi gora behera koherentea..

3 Beatus-ak X., XI. eta XII. mendeetako iberiar eskuizkribuak dira, gehiago edo gutxiago edertuak, non bereziki VII. mendeko Apokalipsiaren Iruzkinak kopiatu baitziren, eta bertan aurkitu ohi dira mapamundiak.

4 oharra: kosmogonia eta kosmologia bi gauza dira. Kosmologia munduaren eta unibertsoaren jatorriari buruzko ikerketa zientifikoa da, bereziki haiek gobernatzen dituzten legeak aztertzen dituena.